Aukerako tokiak

Parlementiako uhina

Baldin eta “egoerak” laguntzen badu, euskal kostaldeko uhin ospetsu eta handienetako bat lehertuko da zuen begien aitzinean. Egoera arruntetan Parlementiako “eskuinekoa” jokagarri izan ohi da, baina itsasoa sagailo bada (swell), soilik « big waves riders » deiturikoen esku geratzen da, uhin handi-handien surflarien esku, alegia.

Senaia ezkutuak

Senix, Maiarko, Lafitenia, Erromardie, horra euskal kostaldeko hondartza gordeenak.

Mareen taulari so bat egin eta itsas beherean pasa zaitezte, marearteko zona baliatuz.

Luis XIV.aren etxea

Donibane Lohizunen erdi-erdian, XVII. mendeko egoitza eder-ederra; bertan Luis XIV.a kokatu zen, 1660ko maiatzean, Espainiako infantarekin ezkondu zenean. Multzo bereziki ikusgarria osatzen dute Infantaren etxeak (Joanoenia), arrantza portuak eta San Joan Bataiatzailearen elizak.

Donibane Lohizune eta Ziburuko portua

Ikusiak ditu, bai, portu horrek, bakailao bila Ternura zihoazen arrantzaleak partitzen, ikusi ditu erregeren zerbitzuko kortsarioak, ikusi ditu 60. hamarkadan, atunez gainezka zetozen ontziak.

Gaur egun, gutxiago harrapatzen bada ere, portuko arrain saltokian, Ziburu aldean, giro handia dabil goizean goiz, eta ontzitxo zenbait kanabera arrantzan aritu ohi dira, kalitate handiko arrainak eskaintzeko.

Ravel etxea

Holandar estilokoa da; Ziburuko ontzijabe batek, Esteban Etxetokoak, eraiki zuen.

Lehenik Mazarin kardinalaren bizileku izan zen, Luis XIV.aren ezkontza bitartean; gero, 1875. urtean, Maurice Ravel-en sortetxea izanen zen.

Zokoako gotorlekua

Historia mugitua du, lehen-lehenik Henrike III. Nafarroako eta IV. Frantziakoarekin; gero, noiz batzuk noiz besteak, espainolak eta ingelesak jabetu ziren gotorlekuaz.

Gaur egun, haren murruen babesera dagoen arrantza portutxoarekin, denboraren atzaparretatik urrun da, hala nola diren bertako biztanleak edota bertan ibiltzen direnak!

Erlaitzeko bunkerra

Alemaniar armada 1940ko ekainaren 27an heldu zen euskal kostaldera. Hartuak dituzten lekuak gotortzen dituzte, Aturritik Espainiarekiko mugaraino. Halatan, bateria alemaniar bat ezarri zuten Urruñan, 1941eko otsailean, alegia, BA 59 bateria.

Erlaitzeko labarren gainean, bi mailako albo-kasamata bat besterik ez da geratzen osorik, kanpaleku handia izan zen hartatik.

Abbadiako eremua eta gaztelua

Gaztelua leku xarmagarria da, Hendaiako labar pikoen gainean, larre erdian zut.

Viollet-Le-duc arkitektuak eraiki zuen, 1864 eta 1879 urteen artean, jakintsu, esploratzaile, etnologo, geografo, zientzia gizon Antton Abbadiarentzat. Eremua “Conservatoire du Littoral” erakundearena da eta naturgune babestua eskaintzen du, pixkanaka lurrak erosiz 65 hektarea inguru zabal izatera heldu dena.

Dunba harriak

Itsasoari so zut diren bi harritzar horiek Hondarraitz hondartza ederraren zaindariak, babesleak, ditugu. Itsaskiak oinak goxoki eta etengabe laztantzen dizkie, non ez den haserretzen eta sagailo handiak alde orotarik erasotzen dituen.

Hara hurbiltzeko Abbadia eremutik daraman bideak ikusmira eder-ederra eskaintzen dio paseatzaileari. Pausa ezazue zuen bizikleta hori!

Hendaiako eta Hondarribiko hondartzak

Pirinioen mendebaldeko azken muturrean, Santa Ana eta Higer lurmuturrak ditugu eta haien babesera, Txingudiko badian, bi hondartza eder eta luze, hondar finekoak: Hendaiako Hondarraitz izenekoa eta Hondarribikoa.

Malda eskasa dutenez, haurren gustukoak dira, itsas beherean batez ere, palasta-leku ederrak egiten baitira, eta helduen gustukoak, berriz, olatuengatik, itsasoa gora datorrenean, izan daitezen surflari hasberri nola trebatuak.

Kanetako portua

Bidasoa ertzean, Kanetak oraindik ere gorde ditu Vauban-ek eraiki murruen zenbait aztarna.

Hor daude ere, Hondarribiari begira, hiru kanoi (baldin eta!), hor ere bi etxe eder: Bakar Etxea, non Pierre Loti-k «Ramuntcho» idatzi baitzuen, eta estilo moriskoko etxea, hain arkitektura berezikoa.

Ezagutu beharreko auzoa.

Arrantzale auzoa eta hiri gotortua

Hondarribiaren erdi-erdian, San Pedro kalean ibil zaitezte, eguerdi inguruan, eta giroaz gain, dasta itzazue kaleko taberna anitzek prestatzen dituzten pintxoak.

Gero, hiri gotortuaren kalexketan gal zaitezte eta aurkituko dituzue harresiak, jauregiak, ateak, gotorlekuak…

Aiako harriak

Bidasoaren gain-gainean, Aiako harriak izeneko mendigune ederra ageri da.

Edertasun berezikoa izateaz gain eta isla oso berezia erakusteaz gain, berezitasun geologiko bat gorde du ere, Euskal Herriko granitozko mendigune bakarra baita.

Konpentziako uhartea

Bidasoaren erdian den uhartetxo honek 3000m2 besterik ez ditu, baina bertan sinatu zen, 1659. urtean, Pirinioetako Bake Ituna, Luis XIV.a Espainiako Infantarekin ezkondu aurretik. Negoziaketak hiru hilabete iraun zuen eta Mazarin eta Don Luis de Haro aritu ziren negoziatzaile.

Frantziak eta Espainiak uhartearen kudeaketa txandaka hartzen dute, sei hiletik behin..

Lesaka: Zabaletako dorrea

Defentsarako dorre eder hori XV. mendean eraikia da. Zabaletako jaunarena zen, hamarkada zenbaitetan zehar Altzateko jaunaren aurka borrokatu baitzen. Jaun horrek, 1411. urtean Lesakako hiri osoa erre zuen.

Independentziako gerran, Wellington-en kuartel edo kaserna nagusiaren egoitza izan zen; hortik datorkio herriak «kaserna» deitzea. Handik urrun gabe, dorre gotiko bat dago; hiribarne osoa da historiaz jantzirik diren eraikin zahar eta dotorez osaturik.

Igantzi: San Juan Xar

San Juan Xar naturgune babestua basoan dago, Igantzi eta Arantza herrixken artean. Lizar, ezki, haritz eta urritzen artean, San Juan Bataiatzailearen kapera ikus dezakegu, non San Juanen irudi bat baita, harpe txiki baten barnean. Kanpoaldean, hiru iturrik, auzoen ustetan sendagarri den ura isurtzen dute.

Naturgune babestu hau xarmen (carpinus betulus) zuhaiztia babesteko sortu zuten, Alfontso XIII.ak, Igantzin zelarik, zuhaitz horri erreparatu baitzion, Madrilgo lorategi botanikoan ikusia zuen eta.

Sunbilla: Bidasoaren gaineko zubia

Sunbillako harrizko zubia 1562. urtean eraiki zuten, lehen egurrezko zubi bat zegoen leku berberean. Errege Kontseiluak eginarazi zuen, oso-osorik harriz. 1625 eta 1643 urteetako uholdeek lehengo zubiaren bi begi eta haien zutoinak eramanak zituzten.

Sunbillako zubiak Nafarroako Erresumarentzat zuen garrantzi estrategikoa nabarmen azaltzen da, ikusten denean bi berreraikitze horien kostua Nafarroako bailego ororen artean partekaturik ordaindu zela. Sunbillako zubia Gipuzkoara eta Frantziara -Arantza, Igantzi eta Lesakan barrena- zeraman errege bidearen parte zen. Zubiaren garrantzi estrategiko hori XVIII. menderaino mantendu zen.

Inzakardi parkea, Donezteben

Hainbat eta hainbat gerratako toki estrategikoa, kostaldearen eta barnealdearen arteko bidegurutze baitzen; parke horren azpian, jendeek diotenez, ingeles soldaduen hilerri bat omen dago.

Haran hauetako herri orotan gertatu zen moduan, hemen ere, XVI. mendean, Inkisizioak auzoak jazarri zituen, sorginkerian ari zirelakoaren aitzakian. Hemen, Iturengo Mariari, Mendaur mendian gaueko bilkurak antolatzearen ardura egotzi zioten. Algara festak antolatzen omen zituzten, parte-hartzaileek hartzen zituzten edabe eta ukenduekin animaturik. Sorginkeriari aurka egiteko, hain zuzen ere, izan zen eraikia, Mendaur mendian, Mikel deunaren kapera.

Oieregiko Erreparatze jauregia

Nafarroako Gobernuak “Kultur Intereseko Ondare” izendatu zuen; Erreparatze jauregia Erdi Aroan eraikia da eta XVIII. mendean berreraikia; mendeetan zehar, nobleak izan dira haren jabe edota hango biztanle.

Jauregiaz mintzo diren lehen idazkiak XIV. mendekoak dira. Nafarroako jauregi izandakoa da, baina orain duen aurreko horma neoklasikoa, XVIII. mendean, Jeronimo Ustaritzekoaren familiak eginiko eraberritze handitik datorkio. Frantziako argiztatuekin ikasi zuen Jeronimo Ustaritzekoak, Espainiako Filipe V.aren Altxor zaintzailea izan zen, eta Europako lehen ekonomialaritzat hartua da. .

Ramon del Valle-Inclan espainiar idazle erromantikoa hainbat udatan bizitu zen etxe horretan eta bertan idatzi zituen haran horietan giroturiko zenbait eleberri.

Etxearen ondoan, Bidasoa gaindi den erromatar zubia ere ikusgarria da.

Bertiz

Jaurerriaren hastapenak Erdi Arokoak dira. 1898. urtean, Pedro Ziga izeneko batek hartu zuen eta bere emaztearekin batera, botanikarekin eta bidaiekin erruz interesatuak baitziren, bertako lorategia espezie exotikoekin hornitzen joan ziren; halatan lorategi botaniko bilakatu zen. Xarma handiko lekua da; aipatzekoak dira kapera modernista, bistaleku txinatarra, urmaelak, eskulturak…

Jabegoak baditu, gainera, 2000 hektarea baso, non xendraz xendra pasea daitekeen; gailurreraino igoz gero, jauregitxo baten hondakinak ikus daitezke. Gain hartatik, Zigako jaunak, teleskopioa lagun, Biarritzeko hondartza ikusten omen zuen…